Igeldoko Herri Denda: 113 bazkidek osatzen duten proiektu berritzailea

16 iraila, 2020 | Kategoriarik gabe

Uztailaren 17tik geroztik, igeldotarrek Igeldon bertan egin ditzakete eguneroko erosketak. «Beharrak asetzeko eta herria kudeatzeko» baliagarri izango delako asmoarekin ireki ditu ateak Igeldoko Herri Dendak.

Hasiera batean, Igeldon Nekazarien Kooperatiba zegoen. Duela bost bat urte ideia horri buelta pare bat eman eta herrira zabaltzea erabaki zuten. Hala, egun, 113 bazkidek osatzen dute proiektu berritzailea.

Herriko sarrera bera ere aldatu egin duelakoan daude Igeldoko Herri Kooperatibako kideak. «Erosketak egiteko aukera eskaintzeaz gain, bertakotasuna bermatzen duen leku bat, etorkizunari begira aukerak emango dituen gune bat eta bertatik mundura zabaltzen den ate bat» ere badela esan dute bazkideek.

Uztailaren 17an ireki zituen ateak Igeldoko Herri Dendak, kooperatibaren ekimenez. Dendaren irekiera aurreneko urratsa izan dela zehaztu dute, herriak ez baitzuen orain arte honelako zerbitzurik eskain zezakeen inolako azpiegiturarik.

Funtsezkoa iruditzen zaie Igeldoko Nekazarien Kooperatiba Herri Kooperatiba bilakatzeko urratsa eman izana, izan ere, egun 113 bazkide daude. «Hau guztia 25 bazkiderekin hasi zen eta bazkidetza hori herrira zabaltzean», proiektua herriarena egitean, ehunka bizilagunen atxikipena jaso du eta horri esker, auzolanean, Nekazarien Kooperatibarena zen eta hogei urtez «abandonatua» egon den eraikina eraberritu dute: «Etorkizunean bazkide horien guztien inplikazio soziala ere nahi dute, belaunaldi berriek ere eduki dezaten gune bat zerbait sortu edo egiteko».

Iturria: Naiz