“Los Salvacomidas” ekimenean parte hartu du Ausolanek, haurrentzako 60.000 menu emateko

29 maiatza, 2020 | Kategoriarik gabe

EIT Food europar partzuergoak, Ausolan kooperatibak (eskola eta egoitzetarako bazkarietan espezializatua) eta Madril, Bilbo eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuek ekimen bat jarri dute abian, eta, horri esker, haurrentzako 60.000 menu baino gehiago prestatu eta entregatu ahal izango dira maiatzaren erdialdetik ikasturte honen bukaera arte.

Proiektuak 220.000 euroko inbertsioa du, EIT Food-ek emana, eta haren helburua da elikadura sistema iraunkorragoa, osasungarriagoa eta konfiantzakoa izatea. Gainera, nekazaritzako elikagaien sektorea ezagutzen laguntzen du, eta ekimenean parte hartzera gonbidatu da, soberakinak eta elikagai osasungarriak emanez.

Ausolan aitzindari da sukaldaritza kolektiboaren sektorean, MONDRAGON Korporaziokoa da eta 50 urteko esperientzia du egunero janaria banatzen. Ausolan arduratuko da lehengaiak jasotzeaz, eguneko 1.500 menu prestatzeaz 45 egunez eta adostutako hiru elikagai-bankuetan banatzeaz. Horiek, azkenik, xede-publikoari arreta ematen dioten 250 gizarte-erakunderekin jarri dira harremanetan (baliabide gutxi dituzten familietako haurrak), eta horien artean banatuko dituzte hamaiketakoak, behar bezala paketatuta.

‘Los Salvacomidas’ izeneko ekimen honek, aldi berean, hainbat helburu betetzen ditu, COVID-19 krisiaren eraginagatik une erabakigarrian. Alde batetik, behartsuenen beharrak asetzen ditu, arreta berezia jarriz haurren artean, gizentasun edo desnutrizio arriskuak saihestuz eta jateko ohitura osasungarriak hartuz. Alde horretatik, NBEren Garapen Iraunkorreko Helburuen (GJH) 2. (Zero gosea) eta 12. (Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak) helburuak lantzen ditu proiektuak.

Iturria: Tulankide