Iñaki Nubla Otaola, KONFEKOOPeko zuzendari berria

13 azaroa, 2020 | Kategoriarik gabe

Joan den azaroaren 1etik, Iñaki Nubla Otaola (Trapagaran, 1962) da KONFEKOOP – Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko zuzendari nagusia.

KONFEKOOP – Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Kooperatibak ordezkatzen dituen erakundea da. 1.300 kooperatiba baino gehiago biltzen ditu, sektore guztietakoak: industria, zerbitzuak, irakaskuntza, kreditua, kontsumoa, garraioa, etxebizitza, nekazaritzako elikagaiak eta beste sektore batzuk. Horiek 57.000 langile baino gehiagori ematen diete lana (EAEko biztanleria okupatuaren % 6tik gora) eta 1.300.000 bazkide baino gehiago dituzte.

Iñaki Nublak ondo ezagutzen du euskal kooperatibismoa, 30 urtez izan baita Euskadiko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioko idazkari teknikoa, joan den ekitaldian KONFEKOOPen sartu aurretik. Era berean, kontseilari da enpresa- eta finantza-zerbitzuetako zenbait enpresatan, hala nola ELKARGI SGRn eta HAZILUR ENPRESEN SUSTAPENA SAn. Euskadin kooperatiba berrien sorrera sustatzen duen ELKAR LAN S. Coop. sozietateko lehendakaria ere bada.

Kooperatibek euskal ekonomian duten garrantziaren eta erantzukizunaren jakitun, enpresa-eredu hori bultzatuko du, tresna egokia delakoan kalitatezko enplegua, iraunkorra eta bertako ekonomiaren garapenarekin konprometituta dagoena lortzeko.

Iturria: KONFEKOOP