‘Hauspotu’ programa aurkeztu dute Donostian

31 urtarrila, 2020 | Kategoriarik gabe

Joan den ostiralean, urtarrilaren 24an, aurkeztu zuten Donostian Hauspotu, herriak bizituz programa, Euskal Herriko eremu zabalek nozitzen duten despopulazio eta gainbeherari tokiko proiektu eraldatzaileen bidez aurre egiteko. Udalbiltzak, Koop57 finantza erakundeak eta OlatuKoop sareak elkarlanean abiatu dute programa.

Ekimenaren aurkezpen bideoa ere egin dute, hemen ikusgai.

Euskal Herrian herritarren %83 hiriguneetan edo hortik gertu bizi da eta soilik %13 bizi da landa-gunean, Gaindegiaren azken datuen arabera. Despopulazioaren arazoa larria da oso zenbait tokitan: nafar Pirinioetan %14 egin du behera biztanleriak hamarkada batean, Zuberoan %4,6 eta Arabako mendialdean %9.

Egoera horrek lotura zuzena du zerbitzuen eskuragarritasunarekin, Gaindegiak Udalbiltzaren eskariz iaz egindako ikerketa batean ondorioztatu zuenez: orduan eta osasun zentroak edo eskolak urrunago izan, gero eta biztanleria galera handiagoa jasaten dute herriek.

Udalbiltzaren ustez lurralde desoreka horri aurre egiteko “neurririk hartzen ez bada, egoerak ez du atzera bueltarik izanen”. Erakunde horrek lehenago jarri izan du indarrik zentzu horretan, Euskal Pirinioetan lan eta bizi programa kasu. “Emaitza baikorrak” izan dituen esperientzia horretatik abiatuta, despopulatzen ari diren beste eskualdeetan ere eragiteko hautua egin du orain.

Ekonomia eraldatzailea ardatz

Euskal Herriaren “irria” osatzen duten eremuetan jarriko dute martxan Hauspotu, herriak bizituz programa. Mapan, zirkulu erdi bat marrazten dute Pirinioetatik Enkarterrietaraino, Nafarroa erdialdea eta Arabako mendialdetik igarota.

Horretarako ekonomia sozial eraldatzaileko (ESE) eragileak izango ditu aliatu Udalbiltzak. OlatuKoop sareak babes teknikoa emango du formazio jardunaldiak eta bide-laguntza eskainiz. Lehen jardunaldia Garesen izango da, otsailaren 7an eta izena hemen eman daiteke.

Ekonomia eraldatzailearen balioetan oinarrituriko proiektu berriak sortu edo martxan daudenak indartzea dute helburu, agroekologia, etxebizitza komunitarioak eta bestelako ekimen kolektiboak barne. Hau da, antolaketa demokratiko eta parte-hartzaile baten bidez, kapitala ez baizik bizitza erdigunean jartzen duten egitasmoak bultzatzea. Ekonomikoki Koop57ren laguntza izango dute proiektuok, finantza etiko eta solidarioan oinarrituriko mikrokredituen bidez –denera 250.000 euro arte–.

“Zerbitzuak eta biztanleak mantentzeko zailtasunak dituzten herriei bultzada” eman eta lurralde desorekaren “kontzientzia” garatu nahi dute Hauspotu-ren bidez. Despopulatzen ari diren herrietan ere egon dadin jendea irri egiteko.

Ekimenaren inguruko informazio zabalagoa, hemen.

Iturria: ARGIA