Gizarte Ekonomiaren errealitatea Euroeskualdean: mugaz gaindiko begirada

31 maiatza, 2017 | Kategoriarik gabe

GEZKI Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak ekainaren 28rako Gizarte Ekonomiaren inguruko jardunaldia antolatu du UPV/EHU-ko Joxe Mari Korta Zentroan (Gipuzkoako Kanpusa).

Gogotsu ekin diogu egitasmoari, eta babes zabala lortu dugu, izan ere, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzatik eta Nafarroako Gobernutik laguntza eta babesa dugu, eta Jardunaldian bi  erakunde horietako ordezkariak edukiko ditugu. Gainera, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak (Reno), ekimena laguntzen du, eta emaitzak argitaratzeko asmoa du.

Jardunaldian, lehenik eta behin Gizarte Ekonomiaren esparrua definitzen saiatuko dira Enekoitz Etxezarreta GEZKIko ekonomilaria eta Aitor Bengoetxea GEZKIko jurista, ikuspegi ekonomiko zein juridikoa azalduz. Izan ere, aztertu nahi dugun objektua ahalik eta ondoen definitzetik hasi nahi dugu. Gizarte Ekonomia arlo ekonomiko berezi gisa definitzen duten ezaugarri ekonomikoak aztertu ondoren, ikuspegi juridikotik, Espainian 2011n sortu zen Gizarte Ekonomiaren Legea, eta Frantzian 2014an sorturikoa ikusiko ditugu.

Ondoren, gure asmoa da jardunaldiaren izenburuak dioen moduan, Gizarte Ekonomiaren errealitatea aztertzea Euroeskualdean, mugako bi aldeetan, Gizarte Ekonomiaren presentziaren argazkia ikusteko. Horrela, hainbat hizlari edukiko ditugu, Euskal Autonomi Erkidegoko, Nafarroa Garaiko, eta Ipar Euskal Herriko egoerak aurkezteko; horien artean, Gizarte Ekonomiaren Euskal Behatokiko teknikariak, Nafarroako Gizarte Ekonomiaren enpresen elkarteko (ANEL) ordezkaria eta Burdeoseko Unibertsitateko irakasle eta Émile Durkheim zentroko zuzendaria Xabier Itçaina. Gainera, indarrean dagoen mugaz gaindiko Interreg ekimenaren aurkezpena egingo du Konfekoop-eko presidente den Rosa Lavinek.

Amaitzeko, hirugarren atalean, Gizarte ekonomiari zuzendutako politikak aztertuko ditugu, mahainguru batean. Bertan, Europar Batasunatik, Eusko Jaurlaritzatik, Nafarroako Gobernutik, eta Ipar Euskal Herritik bultzaturiko politika publikoak izango dira mintzagai. Gai honen inguruan arituko dira solasean Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendari Jokin Diaz eta Bruselako Nafarroako Gobernuaren ordezkari Mikel Irujo, Europar Batasuneko zein Ipar Euskal Herriko Elkargoko ordezkari banarekin batera, eta GEZKIko kide den Jon Morandeirak gidatuko du saioa.

Azken finean, Jardunaldiaren helburua da, Euroeskualdeko Gizarte Ekonomiaren egungo argazkia ikustaraztea, berau bultzatzeko politika publikoen azterketarekin batera, Europako Batasunatik hasi eta politika publiko lokaletara heltzeraino.

Emankorra izan dadila,

 

Aitor Bengoetxea Alkorta, GEZKIko Zuzendaria

Aratz Soto Gorrotxategi, OVESeko teknikaria

Ane Etxebarria Rubio, OVESeko teknikaria