Energia berriztagarriaren eta jasangarriaren aldeko apustua egiten ari da Lesakako Udala

29 maiatza, 2020 | Kategoriarik gabe

Lesakako Udala Goiener eta Nafarkoop kooperatibetako bazkide egin da, udal batzarrean aho batez hartutako erabakiaren ondorioz. Goiener Euskal Herriko energia beharrak modu iraunkorrean eta jasangarrian estaltzeko sortutako kooperatiba da eta Nafarkoopek funtzio hori betetzen du produkzioaren ikuspegitik. Hala jakinarazi digu Mattin Etxabide, Lesakako udal zinegotziak.

Argindarrak lau fase ditu legez: produkzioa, garraioa goi tentsioan, banaketa behe tentsioan eta komertzializazioa. Hauetatik bi daude liberalizatuta, produkzio edo sorkuntza eta merkaturatzea. Kasu honetan, produkzioa Nafarkoopen aholkularitzarekin autokontsumo instalakuntzak martxan jarrita eta komertzializazioa Goienerrek. «Guk bietan sartzeko apustua egin genuen –dio Etxabidek– garraioa eta banaketa, legez  bertze enpresek egiten dute».

Lesakako Udalak kontsumitzen duen energia berriztagarria dela bermatu nahi du, «bat egiten dugu horretan Goienerren proiektuarekin: energia lokala izatea, Euskal Herrian kokatua eta kooperatiba sistemaren bidez».

Eguzki-panelak eta LED sistema

Bide horretatik, Lesakako zinegotziaren erranetan, «aztertzen ari gara eta lehen pausuak ematen ari gara, igerilekuan eguzki-panelak jartzeko horrela bertako eta kultur-etxerako energia emateko, eta ahal balitz zahar etxerako. Inbertsioa eginen dugu Nafarkoopen aholkularitzarekin eta hori ere bideragarria dela erakutsi nahi dugu. Gero gardenak izanen gara eta datuak publikatuko ditugu, herritarrek ikus dezaten aldatzen ahal dela, ez duela arriskurik eta positiboa dela ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik».

Hain zuzen, Herriko Etxeak urrats hori eman ondotik, herritarrak ere pixkanaka animatzea nahi lukete. Alde horretatik, eraikuntza-tasak onartu zituztenean, energia berriztagarriekin egindako obrak edo berokuntza-sistema eguzkiarekin edo egurrarekin dituzten proiektuek tasa murriztua izatea erabaki zuen Udalak.

Iturria: Ttipi Tapa, Argia